Hizkuntza Komunikazio konpetentzia

Komunikazio gaitasuna garatzeak hainbat abilezia batera garatzea dakar. Ahalik eta trebezia "hartzaile" eta "sortzaile"rik hoberenak lortu behar dira: entzundakoaren ulermena hobetu behar da, irakurritakoaren ulermena, bakarrizketak ekoizteko trebetasuna, elkarrizketetan parte hartzeko trebetasuna, idazteko trebetasuna...
Komunikazio gaitasuna, bizitzan zehar landu beharreko gizakien oinarriko gaitasuna da.

Hizkuntza-Komunikazio konpetentzia[1], HKK, Komunikazio gaitasuna[2], gizakiek daukaten komunikatzeko ahalmena eta, zentzu hertsiagoan, hizkuntza baten ezaguera eta gizarte-erabilerako gaitasun bat da, XX. mendeko bukaeratik hezkuntza curriculumetan aipatzen diren oinarrizko gaitasunetako bat hain zuzen. Esaterako, 2007ko EAEko Curriculumean aipatzen diren oinarrizko zortzi gaitasunetako bat da. Ama-hizkuntzan legez, hizkuntza gehiagotan ere gara daiteke. Hizkuntza baten ezagupen zehatzari dagokionean, ezagupen gramatikala, morfosintaktikoa eta fonetikoa barne hartzen ditu.

EAEko 2023ko Curriculumean[3] honelako definizioa ikus daiteke:

« Hizkuntza-komunikaziorako konpetentziak esan nahi du ahoz, idatziz edo modu koherente eta egokian jardun behar dela hainbat esparru eta testuingurutan eta hainbat komunikazio-helbururekin. Ezagutza, trebetasun eta jarrera guztiak modu kontzientean mobilizatzea eskatzen du, ahozko mezuak, zeinuak, idatziak, ikus-entzunezkoak edo multimodalak ulertzeko, interpretatzeko eta kritikoki baloratzeko aukera ematen dutenak, manipulazioaren eta desinformazioaren arriskuak saihestuz, bai eta beste pertsona batzuekin modu kooperatiboan, sortzailean, etikoan eta errespetuzkoan eraginkortasunez komunikatzea ere.

Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia norberaren pentsamendurako eta jakintzaren eremu guztietan ezagutza eraikitzeko oinarria da. Horregatik, hizkuntzak ezagutza-arlo bakoitzeko diskurtso-genero espezifikoetan duen funtzionamenduari buruzko hausnarketa esplizituari lotuta dago haren garapena, bai eta ahozkotasunaren, signazioaren edo idazketaren erabilerei ere, pentsatzeko eta ikasteko. Azkenik, hizkuntzaren dimentsio estetikoa aintzat hartzea eta literatura-kulturaz gozatzea ahalbidetzen du.

»


Dekretu honen aurreko EAEko Heziberri 2020[4] planak diziplina barruko oinarrizko konpetentzien artean lehenengoa zerrendatzen zuen "Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia" eta honelaxe definitzen zuen:

"Hitzezko eta idatzizko testuak egokiro erabiltzea —euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean gutxienez—, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz. Literatura-hezkuntza garatzea ere bai, nork bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko".
  1. «Konpetentziak, curriculum-garapena, ebaluazioa... - zuzendaritzagunea» zuzendaritzagunea.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
  2. Komunikazio gaitasuna; testu idatzien ekoizpena. Nafarroako Hezkuntza Saila.
  3. «Konpetentziak, curriculum-garapena, ebaluazioa... - zuzendaritzagunea» zuzendaritzagunea.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
  4. Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza Saila. Heziberri 2020

Developed by StudentB